2012/05/01

   Hizkuntza amaren sabelean gaudenetik hasten gara lantzen, batik bat amaren hizkuntza izango dena. Haurrak txikiengana hizkera eta tonu bereziarekin zuzentzen gara. Zergatik egiten dugu? Hizkuntz zehatzen kontua da hori? Euskaran ere gertatzen da?

  Jose Inazio Ansorenak "Argia" aldizkarian argitaratutako ondorengo artikuluan aurreko galderak erantzuten ditu.

HAUR-HIZKERA

 Ez da gaur eguneko kontua. Ezta axola txikia duen arazoa ere ez. Hizkuntza gehienek mendeetan zehar, haurrekin hitz egiteko modu berezia garatu izan dute. 

Hizkuntza guztiek haurrei aurreko urteetan nola hitz egin behar zaien erabakitzerakoan, sakoneko abiapuntu hauetan oinarritu dira:
  • Mendeetako saiakerek erakutsi duten Hizkuntza beraren sailkapenean: ondo imitatu ahal izateko aurrenik garbiro bereizi behar duen hitungairentzat zer den zail eta zer erraz. Oso ondo probatutako eta bere doaiak ederki frogatutako pedagogian beraz.
  • Hizkuntzarekin lotuta dagoen estetika zentzuan: berezko eufonia eta kakofoniaren ezagutza konturatu gabe ematen zaio haurrari lehenengo unetik.
  • Hau ez da gainera molde gogor eta bakarrean ematen. Haurra jaio aurretik eta jaioberritan, sehaska abestietako formula ia eufonia hutsetan hasten bada ere, piskana garatuz eta aberastuz joaten da bere gorputzaren eta inguruaren ezagutza zehatz samarra eskaini arte.
Euskaraz ere, beste hizkuntza bizietan bezala, haur hizkera honen tradizio ederra dago. Baina galtzen ari da, neurri handi batean, besteak beste, etxeko giroan erabiltzen den hizkera batez ari garelako. Eta askotan etxean daudenek ezin dutelako hautxo hori txikitandik euskaldundu beraiek ere euskaldun berriak direlako… edo erdaldunak.
Hona euskaraz haur txikiekin hitz egiterakoan kontuan hartzen diren arau batzuk:
  1. Haurrari beti zuka egiten zaio. Gaur egun zenbait lekutan zabaldu diren hiketa ohiturak bestelakoak izan arren, tradizioan zazpi-zortzi urte arte (beti ere haurraren arauera) ez da erabili izan.
  2. Helduentzat pertsona gramatikalen banaketa oso kontzeptu erraza eta objektiboa iruditzen bazaigu ere, ez da horrela. Honegatik, haur txikitxoen hizkuntzan bi pertsona besterik ez da izaten: haurra bera eta beste guztia. Eta maiz haurra bera ere hirugarren pertsona gisan hartzen da. Nork egin du hau? Osabak egin du? (Eta hizketan osaba ari da) Anttonek egin du? (Eta Antton haurra da).
  3. Lexiko bildumak eginda daude eta garbi azaltzen dute haurraren inguruko munduari dagozkiola hizkuntzak horretarako sortutako hitz bereziak. Eguneroko haur normal baten jardunarekin lotzen dira hitz berezi horiek: apunbala, alolo, apatx, txitxi… Ondo egindako kontzeptu aukeraketa dago hizkera berezi honen oinarrian.
  4. Kontzeptuez gainera, hitz horien formari dagokionean zailtasun mailaketa garbia dago:
    • Gehienak bi silabakoak edo silaba bakarrekoak dira (gutxi batzuk hirukoak) eta maiz onomatopeien antzeko errepikapenak egiten dituzte (taka-taka, koko-koko…)
    • Fonemen aukeraketa modu egokian egin da. Bokalak aukeratzen dira hiruko sisteman (a-e-o edo a-i-u-, inoiz ez batera, esaterako, a-e-i). Eta kontsonanteetan, nabarmenenak erabiltzeaz gainera (leherkariak batez ere), gehienetan silaba beraren errepikapenez osatzen da hitza (papa, pipi, pupu…).
Guzti honek zertan edo zergatik du garrantzia? Mendeetan zehar probatu, saiatu eta emaitza onak izan dituen bidea delako hizkuntza bere osotasunean irakasteko. Eta alderdi horretan aipatu nahi ditu hizkuntza bakoitzak bere eufonia/kakofonia zentzua duela, beste hizkuntzengandik bereiz dezakeena. Esaterako, euskaldunentzako oso eufonikoa da eta normala hitz baten amaieran K izatea (Alde hortik!). Eta espainiar belarriei min ematen die. Espainolez, lizentzia poetiko normalak dira sinalefa eta dialefak. Euskaldunontzat, zenbait kasutan behintzat, oso gogor gertatzen zaizkigu: Olentzero… pipa hortzetan duela (ue hori diptongo gisan esanda). Zoritxarrez sarri entzuten da hori gure ikastoletan Gabon garaian. Eta euskarak horretarako berezko bidea du: dula. Euskarak ere lizentziak hartzen ditu silaba kontaketari komeni zaionean. Baina bere moduan.
Bustidurak ere (ttipi-ttapa…) umeetatik lantzen dira euskal tradizioan. Eta ez luzatzeagatik orain zehaztuko ez ditudan beste arlo askotxo. Uste dut esandakoarekin nahikoa garbi geratzen dela arlo hau jorratzeko interesa. Haurtzaindegiak, Maisu-Maistra Eskolak, Ikastola eta Ikastetxeak eta… Gurasoak! Beraientzat ere oso egokia izan daiteke mezu hau.

No hay comentarios:

Publicar un comentario